Bilbo eta Iruñean, enpleguaren alde, milaka langile kalean
Jendetsuak izan ziren atzo, Bilbo eta Iruñean burututako bi manifestazioak. “Ni despidos, ni reformas, ni imposiciones. Enplegua defenda dezagun” pankarta nagusiaren ondoren, eskubideen aldeko borrokan eta gatazkan dauden hainbat enpresa komiteren aldarrikapenak. Milaka eta milaka herritar enpleguaren alde borrokarako prest.
Hauxe da Bilbon irakurri zen testua.
Benetan da poztekoa hemendik hainbeste jende ikustea. Zorionak. Zorionak zuoi guztioi. Zenbait enpresa komitetatik sortu zen ekimen hau manifestazio sozial erraldoi bihurtzea lortu dugu denon artean. Hainbat eta hainbat atxikimendu jaso ditugu: 316 enpresa, 35 eragile, ehun norbanakotik gora. Baina askoz gehiago gara gaur hemen.
Hala ere, ezin dugu aipatu barik utzi asteazkenean bere buruaz beste egin zuen Bilboko auzokidea, Eusko Jaurlaritzako mantenimendu langilea zena. Bankaren beste erailketa bat. Zenbat gehiago izan behar dira?








